Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskaintza hautatu du Aenak 2011az geroztik itxita dagoen baliabide hori ustiatzeko.

Gasteiz, 2018ko maiatzaren 11. Arabako Foru Aldundiak, Indesa 2010 Enplegu Zentro Bereziaren bidez, berriro irekiko du Gasteizko Aireportuko kafetegia. Hala berretsi dio Aenak Arabako Foru Aldundiari, duela zazpi urtetik hona itxita egon den aerodromoko baliabide hori abian jartzeko bere eskaintza hautaturik.

Behin errentan emango zaiola berretsita, Indesa hasi da kafetegian lan egingo duten langileak prestatzen, eta, hala, ostalaritza ere izango da enplegu zentro berezi horrek ematen dituen zerbitzu anitzen artean, arropa garbiketa eta sukaldea, garbiketa, lorezaintza eta industria zerbitzuak ematen baititu lehendik. Indesa 2010 sozietatean Arabako Foru Aldundiak dauka partizipaziorik handiena, eta harekin batera, lurraldeko beste toki entitate batzuek ; 800 langile baino gehiagoko plantilla bat dauka, eta horietatik % 92 desgaitasunarekiko pertsonak dira.

Akordioa datozen egunotako batean sinatuko da, eta behin sinatutakoan, sozietate publikoa ekainetik aurrera hasiko da eremu hori kudeatzen, zeinak 360 metro koadro baititu mahaiekiko gunean, eta 65 metro koadro barraren gunean. Hala ere, kafetegia ez da hasiko berehala zerbitzu ematen. Indesa 2010 sozietatearen zuzendaritzak instalazioak aztertu ditu, eta hainbat akats aurkitu ditu, bai gune nagusian, bai komunen gunean, eta, hori dela eta, birmoldaketa bat egingo da.

Beraz, uste da eremua heldu den uztailean irekiko dela, baina aireportuan hegaldi erregularrak diren egun eta orduetan baizik ez du zerbitzu emango.

Gasteizko aireportuaren erabiltzaileek esperientzia egokia izateko behar diren azpiegiturez eta zerbitzuez hornitzeko Arabako Foru Aldundiak daramatzan ekintzen artean sartu beharrekoa da neurri hau. Hain zuzen ere, Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapen eta Lurralde Orekaren Saileko foru diputatuak, Indesa 2010 sozietateari bere egiteko berri horretan bultza egingo dion sailaren arduraduna den aldetik, adierazi du poztekoa dela “bidaiari askok egindako eskaera horri erantzun izana”. “Pausuak egiten ari gara gure aireportua erreferentzia izan dadin ez zama hegaldietan bakarrik, baita bidaiarien hegaldi erregularren arloan ere, aurrera eginez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetatik ematen ari gatzaizkion bultzadari esker.